Menu osasuntsuak bermatuz

Gure helburu nagusietako bat dugu elikadura osasuntsua eskaini eta ohitura osasuntsuak sustatzea gure jantokietan. Horregatik, Askorako Kalitate Saila etengabe berrikuntzak ezartzen ari da helburu hori lortzeko. Lanketa honen baitan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren proiektu ezberdinetan parte hartzen dugu, Elikadura Osasuntsurako Programa adibidez.

Programa honen baitan, ikastetxe ezberdinei azaroko menua eskatu zitzaien, hauek aztertu eta konparaketa bat egiteko, baita FAO/NAOSen aholkuekin alderatzeko ere. Ikastetxe horien artean The English School dago, gure jantoki zerbitzua duen ikastetxea.

Gaur programa honen arduradunekin bildu gara ebaluazioaren emaitzak eta euren gomendioak jasotzeko. Jantokian eta elikaduraren inguruan egiten dugun lanagatik zoriondu gaituzte, bai Ikastetxea , zein Askora ere. Menu orekatuak eta Eusko Jaurlaritzaren egungo gomendioak jarraitzen dituztenak eskaintzeagatik. Bilera hau datozen hilabeteetan menuetan txertatuko ditugun berrikuntzak azaltzeko ere aprobetxatu dugu, gure jantoki guztietako menuetan ezarriko direnak: fruta egun bat gehiagoz eskainiz, 3 egunetik 4ra pasatuz eta hilean behin arrain urdina zerbitzatuz haurrei. Berrikuntza hauek oso begi onez jaso dira eta hauek martxan jartzera animatu gaituzte, Elikadura Osasuntsurako Programak luzatuko dituen elikadura aholku berrien ildo berean baitoaz.

Menuen etengabeko garapena, elikadura joera berrien egokitzapena eta bertako eta produktu ekologikoen erabilera dugu elikadura osasuntsu, orekatu eta kalitatezkoa bermatzeko gure formula.