Genero-ikuspegia prebentzio kudeaketan integratzeko Jarraibideak

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna gure oinarrietako bat da, enpresaren sortzetik lantzen diharduguna. Lan hori dela eta, errekonozimendu ezberdinak izan ditugu bidean eta horrek lan egiten jarraitzera animatzen gaitu. Gure enpresa barnean emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna ematea ahalbidetuko duten politikak lantzen ditugu horretarako, baita gizartea kontzientziatzen eta eraldatzen lagunduko diguten ekintzak sortu eta gauzatu ere.

Egun, Osalanek martxan jarri duen proiektu pilotu berrian parte hartzen ari gara Lantegi Batuak, Itelazpi eta GUFA enpresekin batera: Genero-ikuspegia prebentzio kudeaketan integratzeko Jarraibidea. Errealitate soziala aztertuz, emakume zein gizonen lan eremuko baldintza ezberdintasunek arrisku ezberdinen aurrean jartzen dituztela argi geratzen da eta hau lantzen duten politikak martxan jartzeko lan egingo dugu proiektu honen baitan.

Gizonek eta emakumeek lan-merkatuan kondizio eta estatus sozial eta ekonomiko desberdinak dituzte eta, ondorioz, arrisku desberdinak eta osasun-arazo desberdinak dituzte. Gauzak horrela, lan feminizatuek batez ere arrisku ergonomiko eta psikosozialak dituzte, eta maskulinizatuek segurtasun-arriskuak. Arrisku horiek osasunari desberdin eragiten diote: emakumeei dagokienez, eraginak epe luzera agertzen dira eta arrazoi asko dituzte, eta kaltea laneko eta lanetik kanpoko arrisku-faktore anitzek sortzen dute; gizonek, aldiz, istripu traumatiko gehiago izan ohi dituzte. Horregatik, proiektu honen helburua da, parte hartzen dugun enpresen lan-arrisku prebentzio politiketan berdintasunari dagokion errealitate soziala islatzen duten neurriak txertatzea, gizon eta emakumeen artean ematen diren egoera ezberdinei erantzun emango dietenak.