Denok ezagutzen dugu nutrizio-piramidea, bertan elikagaiak multzokatuta agertzen dira. Ziur badakizula zertaz ari garen, baina sekula jarri al zara pentsatzen nola erabili behar den? Hona hemen zuk ikasteko aukera bikaina!
Elikadura osasuntsuaren piramideak dieta osasuntsu bat edukitzeko zer elikagai jan behar ditugun adierazten du nagusiki. Datu interesgarri zein garrantzitsu bat… piramidea, behetik gora irakurtzen da! lehenengo atalean agertzen diren elikagaiei lehentasuna eman behar diegu gure dietan eta txikiagoak diren laukietan agertzen direnen kontsumoa mugatu behar dugu.
Eta hori gutxi balitz… piramideak bizimodu osasuntsua eraikitzeko beste aholku batzuk ere batzen ditu: ariketa fisikoa egitea, oreka emozionala topatzea, gure elikadura jasangarria eta gertukoa izatea… Informazio mordoa!
Nola irakurri piramidea?
Gorantz egin ahala, piramidearen bigarren eta hirugarren ataletan, egunero jan behar ditugun elikagaiak daude:
- Zerealak, ogia, patatak edo tuberkuluak eta pasta. Egunean 4 eta 6 errazio artean jan behar dira, ahal bada integralak. Eta, adi! Galletak, bizkotxoak eta gosaritako azukredun zerealak ez dira maila honetakoak!
- Fruta eta barazkien 5 errazio osatu behar ditugu gutxienez egunean. Askotxo? Errazena, bi otordu nagusietan barazkiak sartzea da. Eta geratzen zaizkigun 3 pieza frutak egunean zehar gosari, hamaiketako, askari edo postreetan jatea. Eginda!
Oliba olio preziatua ere atal honetan sartzen da. 3 eta 6 errazio bitartean gomendatzen dira eguneko. Adi! Ontzeko eta janariak prestatzeko erabiltzen dugun olioa ere kontuan izanda.
- Laugarren atala bi zatitan banatua dago:
- Esnea, jogurtak, gaztak, gatzatuak eta bestelako esnekiek kalitatezko proteina eta batez ere, kaltzioa eskaintzen digute. Egunero 2 edo 3 errazio jatea gomendatzen da. Gogoan izan! Jogurt bat errazio erdi da eta jogurtik osasuntsuena azukrerik gabeko naturala da! Gozatu esnekiez!
- Kalitatezko proteina eskaintzen duten elikagaiak: arrainak, arrautzak, fruitu lehorrak, lekaleak eta haragi txuriak (oilaskoa, indioilarra, untxia…). Hauek ere egunero jan behar ditugu, 1 eta 3 errazio tartean. Ez aspertu… Uste duzuna baino aukera gehiago dago! Jan garaian garaikoa!
Orain arte piramidean agertzen diren elikagai guztiak egunero behar ditu gure gorputzak. Aldiz, piramidearen azken bi ataleko elikagaiak, HAUTAZKOAK, NEURRIZ eta NOIZBEHINKA jan beharrekoak dira.
Baina, ez baditugu behar, zergatik daude elikadura osasuntsuaren piramidean? Ez ditugu galarazita… Jaten gozatu ere egin behar da eta honelakoak errudun sentitu gabe jan behar ditugu. Nahi baduzu, eta jaten hari zarenaren kontziente izanik, kontsumitu noizbehinka!