Baieztapen horrek berebiziko garrantzia du Raquel Herreroren (Donostia, 1974) kirol-ibilbidean. Ustekabean sartu zen kirol munduan, eta, harrezkeroztik, Trikuk, kirola taldean, bizitza soziala eta emakumeen arteko babesa sustatzen dituen donostiar elkarteak, Raqueli erakutsi dio bere beste familiarekin, Askorarekin, guztiz bat datozen balioak dituela. Askoran, Raquelek zeregin erabakigarria izan du laneko arriskuen prebentziorako sailean azken 14 urteotan.
Nola sartu zinen kirol munduan eta nola iritsi zinen Trikuko kide izatera?
Inoiz ez nintzen kirolaria izan, baina ikastetxeko soinketa ikasgaian beti izan nintzen ona, eta igeriketan federatuta egon nintzen institutura iritsi arte. 39 urterekin yoga praktikatzeari ekin nion Aieteko Etxadi udal kiroldegian. Garai hartan bi seme-alaba nituen, 1 eta 3 urtekoak, eta amatasunaz gozatzen ari nintzen bitartean, neure buruarekin berriz topo egiteko ahaleginetan nenbilen. Sarritan ikusten nituen neska batzuk kiroldegiaren inguruan entrenatzen, eta Trikura batzeko gonbita egin zidaten. Haien laguntzari, taldeko entrenamenduari eta konstantziari esker, gaur esan dezaket maratoi batean, bi half ironmanetan eta hainbat itsas-zeharkalditan parte hartu dudala.
Zer leku du Trikuk zure bizitzan?
2012an Trikun sartzeko hautua egin nuen, eta harrezkeroztik, marketan nabarmentzeko lehiarik eta presiorik ez duen nire familia txikia bezalakoa da. Elkarri laguntzen diogu, une horretan bizi dugun fasea edozein dela ere. Kirolarekiko zaletasunak batzen gaitu; kirola da guztiaren ardatza, baina baita bizitza soziala eta esperientziak eta erronkak partekatzea ere. % 90 emakumeak gara, 80 pertsonatatik. Talde honen parte izateak ahaldundu egiten gaitu, gure autoestimua hobetzen laguntzen du eta pertsona eta emakume gisa eboluzionatzeko aukera ematen digu.
Agian bizimodu bihurtu da?
Erabat. Planak eta aisialdia kirolaren inguruan antolatzen ditugu. Pertsona aktiboak eta urduriak gara. Gure txangoak eta topaketak alde batera utzita, lehen kirol-probak antolatzen genituen Donostian; esaterako, familia-triatloiak, herri-triatloiak eta Hiru Mendiak lasterketa. Gaur egun baina, bertan behera gelditu dira kudeaketa kontuengatik. Askorak, gainera, beti lagundu izan du familia-triatloian.
Kirol proba horien parte-hartzeari esker, Paris, Sevilla, Valentzia, Berlin, Salamanca, Porto… bisitatzeko eta ezagutzeko zortea izan dugu. Azken batean, kirolak pertsonak elkartzeaz gain, kulturak, herrialdeak eta hiriak ezagutzeko aukera ematen du, familia eta kuadrillako lagunak ez diren beste bidelagun batzuekin.
Partekatu nahi duzun gainditutako esperientziaren edo mugarriren bat?
Oro har, nire ibilbidea bera nabarmenduko nuke. Probaren bat aukeratu beharko banu… Salamancako triatloi proba luze baten oroitzapen gazi-gozoa daukat. Triatloia oso baldintza zailetan aurkeztu zen: 40 graduko bero kiskalgarria eta itxura onik ez zuen ibai bat. Beroa zela eta, ordubeteko atzerapenarekin ekin genion probari, bizikletaz egindako ibilbidea ez zen batere laua, eta, gainera, ibilbide berdina hiru aldiz errepikatu behar izan genuen. Horrek ez zuen batere laguntzen, eta etengabe egin behar izan genion aurre gure buruari. Gogoan dut ikusleen babesa; urez bustitzen gintuzten gu freskatzeko. Keinu hunkigarria izan zen.
Uda honetako beste oroitzapen bat ere partekatu nahi dut. Trikuko bi lagunek Richard Oribe igerilari paralinpikoari lagundu genion igerian Getaria-Zarautz zeharkaldian. Richard oso igerilari ona da igerilekuan, baina, bere ezintasunengatik, ez zen inoiz ausartu ia 3 kilometroko proba bat itsaso zabalean igeri egitera. Jose eta biok alde banatan joan ginen, arnasketa bakoitzean orientatzeko eta Getariatik Zarautzera erritmoa markatzeko. Emaitza ikusgarria izan zen. Inoiz ez bezala gozatu genuen hirurok. Zarauzko pasealekura heldu ginenean, irribarre handienarekin esan zigun datorren urtean errepikatu egingo duela berarekin joaten bagara. Kirolak halako poza ematen du zure buruari jarritako erronkak gainditzen dituzunean, edo lagun dituzun pertsonek haien helburua betetzen dutenean. Poza hori ez dut beste inoiz sentitu. Eta hori transmititu egiten da, hori kutsatu egiten da, hori ernatu egiten da, norbere inguruan loratzen.
Zer bilakaera izan du kirolarekiko zure ikuspegiak denboran zehar?
Gaur egun, beste modu batera ikusten dut neure burua, lasaiago-edo. Ez diot duela 8 urte bezalako helbururik ezartzen. Kirola modu libreagoan gozatzen dut, nire sentsazioetara egokituta. Aurten ez dut Behobia egin, baina datorren urtean izango den Mallorcako proba zikloturista batean eman dut izena; 40 urte bete arte bizikleta bat ukitu ez dudan arren, irrikan nago.
Nola zaintzen duzu zure elikadura?
Nire elikadurak bilakaera esanguratsua izan du kirolari izateari heldu nionetik. Lehen, jarduera fisiko berezirik egiten ez nuenean, janaria seme-alabengan pentsatuta prestatzen nuen, eta kirola erregulartasunez praktikatzen hasi ahala, nutrizioak nire errendimenduan eta ongizate orokorrean duen garrantzia ulertzen hasi nintzen. Ez dut dieta jakin bat jarraitzen, baina nire beharren eta sentsazioen arabera egokitzen ikasi dut. Adibidez, korrika egiteko asmoa badut, orain badakit funtsezkoa dela ondo hidratatuta egotea jarduera fisikoa egin aurretik.
Zer aholku emango zenioke bizimodu aktiboagoa hasi nahi duen baina lehen urratsa egiteko zailtasunak dituen norbaiti?
Normalena da korrika egitera irteten zaren lehen egunean itotzea, gorritzea, bihotza ateratzen zaizula sentitzea eta kirol hori zurekin ez doala pentsatzea. Norbere buruarengan sinestea esango nieke, distantzia ertain-luzeko lasterketa bat dela. Hasieran zaila izan daitekeen arren, funtsezkoa da babesa ematen dizuten pertsonez inguratzea eta konstantea izatea. Hiri guztietan daude kirol-taldeak, klubak, kiroldegiak… Kirola egin ondorengo gogobetetze-sentsazioak ez du parekorik. Argi daukat kirolean ilusioa dena dela. Helburu batekin ilusionatzen bazara eta zugan konfiantza duen jendeaz inguratzen bazara, baliteke bultzada horrek gauza handiak lortzera eramatea.
Lortu al duzu Askorako taldeko kideren bat diziplina horietara lotzea?
Askorako inor Trikukoa izatea lortu ez badut ere, urte batean lortu nuen bi lankide konbentzitzea Behobia prestatzeko. Ostiraletan lanetik atera, eta geratzen hasi ginen proba prestatzeko; pixkanaka ohitura bilakatzen hasi zen eta Behobia elkarrekin egin genuen. Egin eta bukatu. Noski, bazkari on batekin ospatu genuen gero. Beste lankide batzuk ere geratzen hasi lanaldiaren ondoren ibiltzera joateko. Geroago, igeriketa sustatu nuen, eta ostiraletan Ondarretara joaten hasi ginen Santa Clara uharteraino igerian joateko. Orain nire helburua taldea enpresa-lasterketan izena emateko konbentzitzea da. Noizbait lortuko dut.