Aupa Zuek! Bizitzen eraldatzea, etxe-goxo epelean

Aupa Zuek! Bizitzen eraldatzea, etxe-goxo epelean

Compartir:

Gure inguruan haur eta nerabe batzuk ez dira ari ohiko haurtzaroaz edo nerabezaroaz gozatzen. Guk uste baino gehiago dira. Eta behar baino gehiago sufritu dute: aldaketa zorrotzak, bakardadea, beldurra, ziurgabetasun handia. Hainbat arrazoirengatik familiarekin bizi ezin diren haurrak eta nerabeak dira. Batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko harrera-zentroetan bizi dira, eta egunero arreta ematen dieten profesionalek behar bezala zaintzen dituzten arren, ez dute etxe bateko epeltasunik. Jesuitak Donostian, Haritz Astudillo (Donostia, 1981) dugu sukaldari-buru, eta haren pasioak eta konpromisoak muga profesionalak gainditzen dituzte; hiru seme-alaba ditu, 10 eta 14 urteko bi biologiko, eta etxean hartu duen haur txiki bat. Bere esperientzia inspiratzailea da eta agerian uzten du zure etxeko eta bihotzeko ateak irekitzeko moduak eragin eraldatzailea izan dezakeela ingurukoen bizitzan.

Zergatik erabaki zenuten harrera-familia izatea? 

Harrera-familia izatearena gertutik ezagutzea egokitu zait. Izan ere, duela hiru hamarkada, Nikaraguako egoera desegonkorra zela eta, nire gurasoak haur nikaraguar bat hartzeko asmotan zeuden, eta informazio bila joan zirenean, beste errealitate batekin egin zuten topo. Hemen ere behar handia zegoen. Babesik gabeko haur asko eta harrera-familia gutxi. Ez zuten bi aldiz pentsatu eta, 30 urte geroago, esan dezaket “arreba” bat daukadala. Legalki ez da hala, baina 3 urte zituenetik gurekin dago. 

Esperientzia horrek eraman zaituzte zuek ere harrera-familia izatera…

Pandemia ondoren, emaztearekin hitz egin eta adostasun batera heldu ginen: lagundu nahi genuen. Prozesua luzea bezain gogorra izan zen, ia urtebetekoa. Lehen unetik argi uzten dizute haurra ez dela zurea izango, eta zure rola umea zaintzea baino ez dela. Horretan desberdintzen dira adopzioa eta harrera; familia-harrerak familia baten zaintza eskaintzen dio haurrari, eta helburua adingabea bere familia biologikora itzultzea da, nahiz eta beti ez den hori horrela gertatzen.

Nolakoa izan da egokitzapen-prozesua eta nolako esperientzia izaten ari da?

Esan dudan moduan, prozesu luzea izan da. Azalpen-bilera batzuetara joaten hasi ginen, eta, gero, psikologo batek bisitatzen gintuen etxean gure ingurua ezagutzeko, egoera zein zen ikuskatu eta baloratzeko, eta gure beste bi haurrekin hitz egiteko. Horrela, harrera-familia izateko gai zaren edo ez ikusten dute, eta beharren arabera eta testuinguruaren arabera ume bat edo beste bat esleitzen dizute. Gure harrerako haurra bi urtez beste urgentziazko harrera-familia batean egon ondoren, guk hartu genuen. Ez zen batere erraza izan; haurra ordura arte zaindutako harrera familiara gerturatzen hasi ginen haur-guraso eta guraso-haurraren arteko atxikimendu eza hori lantzen joateko. 

Pixkanaka-pixkanaka, gurekin gelditu zen, baina hamabost egunean behin lehenengo harrera-familiak bisita egiten zigun umeak ikus zezan ez zutela bakarrik utzi. Guretzat gogorra izan zen; izan ere, gure seme-alaben adineko haur bat nahi genuen, eta erantzuna bestelakoa izan zen, horrek dakarren guztiarekin… Pardeletara bueltatu behar izan genuen, eta ez zen batere erraza izan. Hasieran, gure izenarekin deitzen zigun; orain baina, “aita” eta “ama” deitzen digu. Lauka enpresa da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera honen guztiaren atzean dagoena, eta hilabetero jarraipena egiten diote umeari nola dagoen ikusteko. 

Zure ustez, zein da harrera-familia izatearen saririk esanguratsuena? 

Ezbairik gabe, haurra ondo dagoela ikustea. Ukrainako edo beste herrialdeetako haurrak lagundu behar direla? Noski baietz, baina hemen ere badaude laguntza behar duten beste ume asko. Guk ahalik eta ondoena zaintzen dugu haurra, daukaguna denon artean banatzen dugu harrerako umeak bide ahalik eta errazena izan dezan bere etorkizunean. 

Diozu gerta daitekeela agurrerako prestatu behar izatea. Nola kudeatzen da hori?

Honetan sartu ginenean, bagenekien zer zegoen. Harrera-familien helburua da haurra bere guraso biologikoarekin bueltatzea, nahiz eta helburu horretara gutxi batzuk baino ez diren iristen. Umearen gurasoek ez gaitu ezagutzen, eta guk ere ez dugu bera ezagutzen. Bitartekari baten bitartez gurasoen eta haurraren arteko bisitak antolatzen dira bi astean behin. Umearen guraso biologikoen egoerak onera egiten ez badu baina, gerta daiteke agurrik ez egotea. Baina joaten bada, bere “osaba-izebak” izango gara, eta gure etxeko ateak zabalik izango ditu beti. 

Jendea agur horren beldur da, eta horregatik ez da harrera-familia izatera ausartzen. Beste behin ere, gure zilborrari begiratzen diogu, eta ez haurraren beharrari. Agurra egon edo ez, ni prestatuta nago, baina horretan gehiegi ez pentsatzen saiatzen naiz. 

Zein mezu utzi nahiko zenioke gizarteari?

Gizarte edo kolektibo modura, ez dugu batere laguntzen. Parkean zaude zure seme-alabekin eta bereizketa egiten dute zure seme-alaben artean. “Hau harreran hartutakoa da”. Gauza asko dira aldatu beharrekoak, geure burutik hasita. Gainera, badirudi gaur egun gauzak egiten ditugula trukean zerbait jasotzeko, eta lehen hori ez zen horrela. 

Harrera-familia izatea pentsatzen ari direnei esango nieke animatzeko, esperientzia positiboa bezain aberasgarria dela, eta harreran hartzeak bizitzak eralda ditzakeela. Lehenengo urratsa 943 25 10 05 telefono zenbakira deitzea da, informazioa jasotzea eta esperientziak lehen eskutik ezagutzea. Ez da beharrezkoa bikotea izatea, bakarra ere izan zaitezke. 


Mas noticias sobre