Aupa Zuek! Baratzetik, ikastolara: eguneroko bizitzaren lezioa

Aupa Zuek! Baratzetik, ikastolara: eguneroko bizitzaren lezioa

Compartir:

Askorak ‘Aupa Zuek!’ deituriko atala estreinatuko du gaurtik aurrera. Hilero-hilero, Askora markaren balioak eraikitzeko funtsezko eginkizuna duen taldeko pertsona bat aurkeztuko dugu, haren eguneroko jardueran egiten duen ekarpenari balioa emateko, eta talde osoa motibatzeko inspirazio-iturri modura balio dezan.

Soroa eta ikastola. Bi jarduerak uztartzen ditu Itziar Zugarramurdik (Amasa, 1959) bere egunerokoan, eta ez hori bakarrik: soro-lanak Villabonako Zubimusu ikastolako hezilagun rolera ere ekartzen ditu. Duela 30 bat urte egin zuen gaur egun ere berekin daraman hautua, alegia, ikastolako mundura jauzi eta haurren heziketan eragile aktibo bat izateko hautua. Haren seme-alabak txikiak zirela ikastolara eramaten hasi zenean, elkarrengandik lau kilometrok banatzen zituzten eta ezin izaten zuenez jasan haiekiko sentitzen zuen atxikimendua, ikastolan lan egiteko bere burua aurkeztu zuen. Eta baita aurkeztu ere. Hiru hamarkada beranduago, Itziar ikastola horretako haurren hezilaguna da, eta soro-lanetan bizi eta ikasitako guztia umeekin partekatzen du, haren bizi ikuskera egunez egun jangelara hurbilduz.

Bi jarduera, itxuraz, oso ezberdinak diruditenak. Nola egiten dituzu bateragarri?

Baserrian jaiotakoa naiz ni; baserrian ezkondu, eta gaur egun ere, baserrian bizi naiz. Baratzea eta ganadua daukagu gurean, etxerako ekoizpena baino ez. Senarra aritzen da gehienbat ganadu-lanetan, eta semea eta biok, berriz, soro-lanetan. Duela 30 bat urtetik baina, erabakia hartu nuen etxetik hurbil lan egiteko, gaur egungo Zubimusu ikastolan. Denetik egin izan dut eta denetik egiten dut gaur ere bai: atsedenaldietan begirale modura aritu, bazkalorduan janaria zerbitzatu, umeek zer eta nola jaten duten begiratu, harrikoa egin, haurrak zaindu… 

Zure bizi-ikuskera besteentzat (haur eta lankide) ikasgai bat izan daitekeela uste duzu? Ispirazio-iturri, beharbada?

Zergatik ez? Baserriko gorabeherak, mendi eta zuhaitzei buruzko ezagutzak, landa-eremuko jakintzak eta abar transmititzen saiatzen naiz egunero-egunero nire umeei. Eta lankideei ere bai, noski.

Eta ekarpen hori nola gorpuzten da?

Azken hamar urteotan gauzak beste era batera egiten direla sumatu dut. Ikastolan bertan baratze txiki bat daukagu, eta bai andereñoa eta bai gu saiatzen gara egunez egun umeak ikus eta ikas dezaten nola botatzen den hazia, nola jaiotzen den, nola zaindu behar den, belar txarrak nola eta zergatik kendu behar diren… jaki hori hazten ikusten dute eta zer den ulertzen ere bai. Askotan, zerba batzuk platerean ikusten badituzte, ez dakite jatorrian itxuraz nolakoak diren, eta baratzean ikusten dutenean orduan esaten diegu “hau da gaur jango duguna”. Ez dakite produktuok nondik datozen ere; iruditzen zaie dena azokan erosten dugula. Halako kontuak jakitea eta ezagutzea oinarrizkoa iruditzen zait, batez ere, janaria bera delako jaten duguna.

Gauzak asko aldatu direla diozu. Zer zentzutan?

Askoraren Mahi-Mahi metodoari esker gehiago jolasten dugu umeekin. Enpresa txikia da, baina indar askokoa. Eta txikitasun horretan bilduagoak gaude, familia bat gara. Gaurdaino egindako aldaketa guztiak onerako izan dira, beraz, etor daitezela gehiago. 

Hortaz, zortea duzu lanean zurekin lerrokatuta dauden balioak izateagatik. 

Zortea dut ikastolako dinamika eta jardueretan nire bizi-ikuskera ulertzen dutela, baita praktikan jartzen ere bai. Garaian garaiko eta bertako jakiei garrantzia ematen diote, eta nik hori asko baloratzen dut. Jakitea zer den bertakoa eta zer ez. Izan ere, edozein garaitan edozer daukagu dendetan, eta hori ez da batere naturala. Ikastaro batzuk ere egin izan ditugu gaztagintzaren eta ogiaren inguruan, esate baterako, eta hori guztia ere umeei transmititzen diegu.

Halako jarduerek, sasoiko jakiek… zer onura ekartzen dizkiote hezkuntza-zentroari?

Sasoiko elikagaiekin zerikusia duten jarduera eta praktika hauek, ingurumenari eta jasangarritasunari dagokionez ikastolari mesede egiteaz gain, eragin positiboa dute bertako ekonomian. Gure ingurunea hobetzen laguntzean, gure ongizatean eta etorkizuneko belaunaldien ongizatean ere laguntzen dugu.


Mas noticias sobre