Elikation proiektua Askorak sustatu du, Karabeleko, Lazkaoko San Benito Ikastola, Jesuitak Donostia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Elikadura Jasangarriaren Misioaren esparruan. Proiektuaren helburua da estrategia bateratuak sortzeko aukerak bilatzea, gaur egungo errealitatean oinarrituta, euskal eskola, familia eta gazteei elikadurarekin harreman kontzienteagoa, osasungarriagoa eta jasangarriagoa izaten laguntzeko. Proiektu hau elikadura-ohituretan izandako aldaketa azkarrei erantzuteko sortu da, bereziki eskola-adineko gazteen artean, eta erronka horiei eraginkortasunez heltzeko premiari erantzuteko.
Helburu hori lortzeko, Elikationek eskola-inguruneak elikadura-ohitura osasungarriagoak eta jasangarriagoak hartzean eragin positiboa nola izan dezakeen ikertzen du. Egitasmoak hainbat eragileren parte-hartze aktiboa bilatzen du, besteak beste, irakasleena, familiena eta erakundeena, ikasleei eta haien familiei mesede egingo dieten estrategia zehatzak sortzeko.
Proiektua ikerketa kualitatibo eta kuantitatibo baten bidez gauzatuko da. Ikerketa kualitatiboak San Benito Ikastolako hamar familiek eta Jesuitak Donostiako beste hamar familiek elikadurarekin lotutako hainbat erronka aurrez aurre jarriko dituen “esperimentu” batean parte hartzea eskatuko du. Bestalde, ikerketa kuantitatiboa inkesta bat izango da, elikadura-dinamikak hobeto ulertzeko, bai familian, bai eskolan.
Bi ikerketetatik lortutako emaitzak oinarri izango dira estrategiak eskola-inguruneko eragileekin batera sortzeko.
Askoratik, proiektuan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu Elikation-en webgunearen bidez, ikerketa kuantitatiborako lagungarria izango den galdetegi labur bati erantzunez. Izan ere, datozen belaunaldien etorkizuna gaur hartuko ditugun erabakiek markatuko dute.