Hasi da uda giroa! Eta horrekin batera, ez al zaigu ugaritzen produktu freskoak jateko gogoa? Gure egunerokotasunean fruta eta barazki gordin gehiago jaten hasten gara eta nola ez, mila entsalada ezberdin egiten ditugu. Baina, ba al dakigu kozinatu gabeko jakietan mikroorganismoren baten bidez kutsatzeko aukerak gehitu egiten zaizkigula?
“Kontaminazio gurutzatua” elikagai bidezko intoxikazioen kausa arruntetakoa da eta gure gorputzean gastroenteritis, gorakoak edo/eta sukarra sortu ditzake. Baina zertan datza “kontaminazio gurutzatu” honek? Elikagai kutsatu batetik (gehienetan elikagai gordinetik) beste elikagai batera (gordina edo kozinatua) gertatzen den bakteria transmisioa da.
Transmisio hau elikagaiak kontaktuan egoteagatik gerta daiteke, baina gure eskuen bidez eta sukaldeko tresnen bidez ere pasa daiteke.
Hona hemen kutsatze arriskua gutxitzeko zenbait gomendio:
HOZKAILUAN
- Tenperatura egokian mantendu, hau da, 3-5ºC tartean hozkailua eta -18ºCtan izozkailua.
- Elikagai gordinak eta kozinatuak elkarrengandik aldendu. Lehenak hozkailuaren beheko aldean gordeko dira, bertan baitago temperaturarik hotzena. Aldiz kozinatuak, goiko apalean gordeko ditugu. Barazki eta frutak beraien kaxoietan eta erdiko apaletan yogurtak, gaztak, bestelako esnekiak eta Azkenik, atean, kontserbak, gurinak, marmeladak, saltsak, arrautzak eta edariak.
- Elikagaiak banaka eta hermetikoki itxita gorde. Honela isurketak saihestuko ditugu.
- Otorduen soberakinak ez utzi denbora askoz hozkailutik kanpo, baina ez sartu hozkailuan beroegi daudela ere.
- Desizoztu beti hozkailuaren barruan, kanpoan inoiz ere ez!
- Hozkailua garbi mantentzearen ohitura garrantzitsua da. Garbitu, desinfektatu eta bide batez zure elikagaien egoera gainbegiratu.
ELIKAGAIAK MANIPULATZERAKO GARAIAN
- Eskuak garbitu. Bai manipulatzen hasi aurretik, baita kozinatze prozesu osoan zehar ere.
- Erabili sukalde tresna ezberdinak elikagai gordin eta kozinatuentzat. Eta bestela, ongi garbitu.
- Ongi garbitu frutak eta barazkiak.
- Desinfektatu, aldizka, elikagaiekin lanean aritzen garen mahaiak eta azalerak.
Ohitura hauek hartuz gero, kutsatze arriskua asko jeitsiko dugu eta ondorioz, gure jakiek ere egoera onean denbora gehiago iraungo dute.
Hartu ohitura osasuntsuak!