Gure bizitzako ia alderdi guztietan dugu plastikoa: autoak, altzariak, eraikuntza, kosmetika eta higiene produktuak, enbalajeak… Era guztietako formak, eta noski, gure elikadurari lotuak ere bai. Baina pentsamendu aldaketa gertatu da gizartean, publikoa ez dago pozik. Azken urteotan plastikoak degradatzeko behar duen gehiegizko denboragatik (100 eta 1000 urte bitartean) eta izan duen erabileragatik, kutsadura-faktorearekiko gaitzespena eta kezka areagotu egin dira.
Guztiok entzun dugu itsaso eta ozeanoetan plastikoen eta mikroplastikoen presentziaren inguruan, eta horrek itsas faunan duen eragin larria. Are gehiago kezkatzen gaitu plastikoa elikatze-kate osoan nola mugitzen den. Orain ekintzara pasatu behar dugu, gure erantzukizunaz jabetu eta neurriak hartu behar ditugu erabilera murriztu eta birziklatzeko. Anima zaitez!
Gure osasuna arriskuan
Plastikoa gertu dugu uneoro, zuzenean, elikaduraren eta higiene-produktuen bidez. Janariak material asko ukitzen ditu, eta logikoa da neurri handiagoan edo txikiagoan materialetik produkturako migrazio txiki bat gertatzea. Eta horrek eragin desatsegin bat izan lezake gure osasunean. Hori dela eta, azterketa sakonak egiten dizkiete materialei eta Europako adituen onespena ere jasotzen dute prozesuek. Honela kontrolak eta lege-betekizunak ezartzen dira eta horiek eskatzen dute materialek ez ditzatela beren osagaiak elikagaietara askatu giza osasunerako kaltegarriak diren mailetan behintzat.
Baina arazoaren gakoa ez da hain ezaguna, plastikoek gehigarriak dituzte, prozesamendua hobetzeko gehitzen diren substantzia kimikoak eta toxikoak direnak. Hainbat ikerketa daude plastikozko materialen bizitza osoan zehar substantzia horien isurketak hautematean oinarrituak.
Material horietako bat Bisfenol A (BPA) izenekoa da, elikagaietarako ontziak fabrikatzeko erabiltzen dena. Material horren bidez ekoitzitako ontziek ondorio kaltegarriak dituzte organismoarentzat, denbora gehiegiz kontaktuan badaude. Izan ere, endokrinoen disruptore gisa jardun dezake, eta hormona-sistema aldatu, estrogenoen egitura kimikoaren oso antzekoa delako.
Baina hau ez da elikaduran bakarrik gertatzen. Badira beste konposatu toxiko batzuk, elikagaien sektorean erabiltzen diren plastikoetan agertzen ez diren arren, gure ingurunean presentzia nabarmena dutenak. Honela, kontsumitzailearenganaino iristea saihestezina da.
Kontsumo osasuntsuagorako tip-ak
Praktika erraz batzuk aplika ditzakegu gure egunerokoan, plastikoaren erabileraren egungo gehiegizko erabilera gutxitzen laguntzeko. Gainera, ekintza hauek onuragarriak dira bai gure ingurunearentzat, baita gure osasunarentzat ere.
Nola saihestu hainbeste zabor ez biodegradagarri sortzea?
- Ez erabili plastikozko poltsarik eta erabili aukera berrerabilgarriak. Pertsona askok garatzen dute praktika hau dagoeneko!
- Etxeko hondakinak behar bezala kudeatu. Adi ontziei, birziklatu behar bezala.
- Aukeratu ontziratu gabeko elikagaiak edo enbalaje gutxikoak. Duela belaunaldi gutxi arte ohiko ohitura zen merkatura edo auzoko saltoki txikietara joatea. Herritarrek erosketa-saskira zuzenean sartzen ziren elikagai freskoak erosteko aukera zuten praktika honen bidez.
Erosteko ohiturak, aldiz, aldatu egin dira, erosotasunera jotzen dugu denbora faltagatik eta dena leku berean erosteko aukera ematen diguten establezimenduetara joaten gara. Leku horietan elikagai prozesatu eta ontziratuak ugariak dira. Barazkiak eta frutak ere plastikozko erretiluarekin eta pelikularekin ontziratutako paketeetan aurkezten dira.
Agian, ontziratu gabeko produktuaren aldeko apustua eginez, hausnarketa egiteko eta joera hori iraultzeko unea da. Kontuz! Elikagai bakoitzarentzat plastikozko poltsa bat hartzean huts egin gabe.