Prestatu kontserbak etxean

Prestatu kontserbak etxean

Compartir:

Aspaldiko ohitura da etxean kontserbak egitearena. Izan ere, teknika aproposa da sasoiko elikagaiak gordetzeko, ugarien eta gozoen dauden garaian. Honela, etxeko despentsak betetzen dira barazki, marmelada, arrain, tomate saltsa eta abarrekin betetako potoz. Eta ondoren, lan gehiegi gabe, kolorea ematen diegu urte osoko gure otorduei. Zeinen jakintsuak ziren gure arbasoak!

Hala ere, kontserbak ondo prestatu behar dira, elikagaiak intoxikatzeko arriskua baitago. Kontserbei eragiten dien arazoetako bat, oso arrunta ez bada ere, botulismoa da: Clostridium botulinum-ek eragindako toxina bat irentsi ondoren gertatzen den infekzio toxikoa. Esterilizazio kaxkarrak eragiten du gehienbat. Mikroorganismo hori beroarekiko sentikorra denez (80 °C eta 115 °C bitartean hiltzen da), oso garrantzitsua da kontserbatu nahi diren elikagaiak ondo egostea, patogenoaren espora erresistenteenak kentzeko.

Bestalde, kontuan izan behar da toxina ez dela elikagaia irekitzean edo prestatzean garatzen, baizik eta toxina sortzen duen bakteria dagoeneko badagoela produktua kontserban sartzen den unean bertan. Gainera, ez du ez usainik, ez kolorerik, ez dastamenik irenstean; beraz, ezin dugu zentzumenen bidez atzeman.

Beraz, kontserbatzeko prozesuak ongi betetzea garrantzitsua da:

  1. Kontserbatu behar ditugun elikagaiak egoera onean egon behar dira. Eta adi! Fruta eta barazkiak badira, heldutasun puntu egokia izan behar dute.
  1. Ontziak eta tapak esterilizatu. Urez betetako eltze batean sartuko ditugu (tapak eta ontziak irekita) eta 20 minutuz irakin. Gogoratu ontziak berriak izanda ere esterilizatu egin behar ditugula…
  1. Ontziratzeko garaian, ez ditugu potoak gehiegi beteko. Taparen azpitik hatz baten lodiera uztea (1 zentimetro gutxi gorabehera) garrantzitsua da, bestela potoak lehertu egin daitezke!
  1. Eta orain… hutsean itxi behar ditugu. Honetarako, ontziak taparekin itxi eta berriz ere urez betetako eltzean sartuko ditugu. Ondoren, potoak 1-2 orduz irakin. Eltze azkarrean ere egin dezakegu! Bertan 20 minutuz edukiko ditugu. Prozesu hau beharrezkoa da hartzidura saihesteko eta mikroorganismoak sartzea ekiditeko.
  1. Hozten utzi eta ondoren, ontziak buruz behera jarriko ditugu isuririk ez dutela egiaztatzeko. Eta ondoren tapa eta produktuaren arteko airea kendu diogula frogatuko dugu. Nola baina? Erabili trikimailu hau! Zanpatu taparen erdialdea, indarra egiteari uztean jatorrizko posiziora itzultzen ez bada, zure kontserba sortu duzu! Zorionak!

Aldiz, tapak jatorrizko posizioa berreskuratzen badu, zerbait txarto egin dugun seinale da… Poto hau gainerakoengandik banandu eta ahalik eta azkarren kontsumitu.

  1. Prestatu ditugun kontserbak leku fresko eta lehor batean gorde aurretik, etiketa polit batzuk topatzea besterik ez zaizu geratzen! Bertan kontserbaren izena eta prestatu dugun data idatziko ditugu. Eta sormenaz baliatuz familian diseinatzen baditugu?

Jaki hauek urte betez gozatzeko aukera izango dugu honela!


Mas noticias sobre