Eleaniztasunarekiko interesak ekarri zuen Nektaria Konstantellou (Atenas, 1989) Greziatik Euskal Herrira. 2015ean EHUko Eleaniztasuna eta Hezkuntza Masterra ikasteari ekin zion ingelesez, eta denbora-tarte hori nahikoa izan zen ingurukoen bitartez euskal kulturaz zipriztintzeko eta euskararekin liluratzeko. Zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta interesgarriagoa egin zitzaion euskal gizartea. Urtebetean euskara ikasi, eta, gaur egun, euskaldun peto-peto bilakatzeaz gainera, bere bi pasioak uztartzea lortu du Lazkaoko San Benito ikastolan.
Nondik datorkizu eleaniztasunarekiko interesa?
Hezkuntza Zientziak Gradua burutu nuen Atenasko unibertsitatean, eta gero, haurren hezkuntzan espezializatu nintzen. Orduan jabetu nintzen testuinguruak eskoletan gero eta anitzagoak direla, eta ez dugula behar adina erremintarik erronka horri aurre egiteko. Elebitasunak nolabait eragiten dio norberaren izaerari. Grezian, esaterako, irekiak gara kulturaz, baina hizkuntzekiko eta kanpotarrekiko ez dago behar adina heziketa. Familia elebiduna izateak asko irekitzen du burua. Eleaniztasuna eta Hezkuntza Masterra zegoela ikusi nuen Donostiako EHUn, eta izena eman nuen. Orduan greziera baino ez nekien, eta ingeles apur bat ere bai, baina segurtasun handirik gabe. Hona etorri eta masterrak mundu berri bat ireki zidan.
Zergatik Donostia?
Gizarte elebidun bat barrutik ezagutzea interesatzen zitzaidan, beste hizkuntza kultura bat zuen leku bat. Donostiara etorri aurretik, banuen Euskal Herriaren berri; nire neba oso historiazalea da, eta nire lagun batzuk egonak ziren hemen. Nire asmoa masterra egin eta Greziara bueltatzea zen, baina zenbat eta gehiago ezagutu ingurua, pertsonak, kultura… orduan eta pena handiagoa ematen zidan bueltatzeak. Pentsatu nuen momentu ona izan zitekeela bertako hizkuntzak ikasteko.
Euskaldun peto-petoa dirudizu. Nola bilakatu da euskara zure lehenengo hizkuntza izatera?
Hasteko, esan beharra daukat nire burua ez nuela orain bezala irudikatzen. Uste nuen ez nintzela ona hizkuntzak ikasten, baina euskarak burua ireki dit. Hizkuntzekiko nuen jarrera erabat aldatu da, eta ni, gaur egun, beste pertsona bat naiz, euskaraz bizi dena.
Banekien bi hizkuntzak, gaztelania eta euskara, aldi berean ikastea zaila egingo zitzaidala. Masterra bukatzen ari nintzela, Gaztelaniako gramatika-liburu bat erosi, eta jendearekin kalean hitz egiten ikasi nuen gaztelania. 2019an, barnetegi batera joatea erabaki nuen euskara ikasteko modurik azkarrena zelako. Urtebetez egon nintzen Lazkaoko Maizpide barnetegian, burubelarri, astelehenetik ostiralera. B1 maila eskuratu nuenean, asteburuetan herriko monastegiko ostatuan gelditzea erabaki nuen, euskara gaztelaniarekin ez kutsatzeko.
Urtebetean hizkuntza bat ikastea eta menderatzea ez da lan erraza. Zure jarrerak asko esaten du.
Nik banekien euskal gizartean ondo integratzeko, euskara beharrezkoa nuela, ez bakarrik lanagatik, baita nire hemengo lagunekin euskaraz aritzeko ere. Edonola ere, esan beharra dago Lazkao oso inguru euskalduna dela eta barnetegia hemen egonda, badagoela kultura bat euskaldun berriei harrera ona egiteko. Bertakoen jarrera txalogarria da.
Zer igarri duzu euskararen ikasketa-prozesuan?
Hizkuntzaren beraren doinua gustatzen zait. Askoren harridurarako, euskara gaztelania baino askoz ere errazagoa da gramatika aldetik. Salbuespen gutxiago ditu, eta arau bat ikasten duzunean, beti da horrela eta kito. Hizkuntzak generorik ez izatea ere opari bat da. Grezian hiru ditugu, pentsa. Hori bai, gehien kostatu zaidana sintaxiaren ordena izan da.
Eleaniztasuna eta haurrak uztartzen dituen ogibide bat izatea, beraz, zure ametsa da. Egia bilakatutako ametsa.
Egia esanda, bai. Eskolaz kanpoko testuinguruetan haurrekin lanean aritu izan naiz, baina inoiz ez hezkuntza testuinguru batean. Hizkuntza oztopo bat zen lana bilatzeko orduan; oztopo burokratikoa ere bai ikasketak ofizialki onartzeko orduan. Euskarazko C1 titulua lortu nuenean, haurrekin zerikusia zuen zerbaitetan lan egin nahi nuen. Kultur elkarte bat sortzeko saiakera bat ere egin nuen antzerki-tailerretan parte hartzen nuelako. Aurreko ikasturteko otsailean Askoratik deitu zidaten, eta lehen aldiz, erronka berri bati egin behar izan nion aurre, haurrekin eta euskaraz lan egiteari.
Zer nabarmenduko zenuke zure ogibidetik?
Gustatzen zait ikastolan daukagun filosofia. Umeak oso irekiak eta maitagarriak dira. Pentsatzen dut herri txiki batekoak izateak ere asko egiten duela. Kalean ikusten baditut, egunero agurtzen naute. Oso ondo hartu ninduten lehen egunetik. Izenagatik segituan jabetu ziren ez nintzela hemengoa. Eta segituan interesatu ziren nongoa nintzen jakiteko. Lehenengo hilabetean nik grezieraz hitz egitea nahi zuten. Gaur egun ere, hitzak grezieraz ikasi nahi dituzte, ipuinak kontatzea nahi dute, haien izena nola idazten den ezagutu… Pentsa, batzuk alfabetoa ere ikasi dute. Ni saiatzen naiz jolasa leku guztietara eramaten, eta hizkuntzaren bitartez bada, hobeto.